Micoaragón Proiektuaren helburu nagusia da Aragoiko oihan baliabide mikologikoaren kudeaketa jasangarriari eta haren balorizazioari (elikadura eta turismoa) loturiko ekintza guztiak koordinatzea, hobetzea eta haien artean sinergiak bilatzea.
JARDUNBIDE EGOKIAK: INGURUMEN-HEZKUNTZA
AGOTZENEA. EKOHEZKUNTZA GUNEA. INGURUMENEKO PROIEKTU JASANGARRIAK
Agotzenea ekohezkuntza proiektu bat da. Haren ardatz nagusia ekimena erakusteko gune bat da, den-dena bioeraikuntza arloko irizpideekin eta teknikekin bat eraikia. Eraikinak bere inguruko materialak eta baliabide naturalak baliatzen ditu. Bere energia sortu, euri-urak bildu eta berraprobetxatzen ditu, ur grisak araztu eta elikagaiak era jasangarrian sortzen ditu. Ia ez du kontsumorik.
TRESNA HEZIGARRI BAT SORTZEA KLIMA-ALDAKETAK PIRINIOETAKO BIODIBERTSITATEAN DITUEN ONDORIOAK ERAKUSTEKO
Mendi-hegi bat irudikatzen duen eredu edo maketa bat sortu da. Eredu hori 5 geruzatan banaturik dago. Azpiatal bakoitzak erakusten du zer-nolako ondorioak dituen klima-aldaketak fauna-espezie edo landare-espezie batengan. Elementuak mugitu eginen dira, klima-aldaketaren ondorioekin bat.
EZAGUTU PIRINIOETAKO AZKEN GLAZIARRAK
Mendi ateraldia eta, ondotik, iritziak trukatzeko jardunaldi bat bai hautetsiendako, bai gizarte arloko profesionalendako. Taillon mendiko glaziarra ikustera joanen dira (Gavarnieko zirkuan); ondotik, ikasgelako jardunaldian, eragileen testigantzak jasoko dira beren jarduerak klima-aldaketara nola egokitzen ari diren erran dezaten.
HERRITAR ZIENTZIAREN PROGRAMA, AIREAREN KALITATEA SENTSOREEN BIDEZ NEURTZEKO
Airearen kalitatea zuzenean dago lotua klima-aldaketarekin.
Inguru menditsuetako airearen kalitatea hala moduzkoa da, espero zitekeenaz bestela, eta are gehiago, zenbait garaitan, oso txarra. Ekintzaren bidez behatzaileen sare bat sortu eta dinamizatu nahi da airean diren partikula txikien kalitatea sentsoreen bidez neurtzeko.
ISTILAK/URMAELAK LEHENGORATZEA
Hezegune txikiak arrisku gorrian daude klima-aldaketaren ondorioz. Egoera ekologiko txarrean dauden istilak garbituko dira edota beste kokagune batzuk hondeatuko dira ekosistema horiek ez desagertzeko.
ITSAS EREMU HEZIGARRIAK. BIARRITZ, ADIBIDE
2017tik honat, AME edo itsas eremu hezigarriak ezarri dira Pirinio Atlantikoetako itsasertzean, Natura 2000 sareko lekuetan. Arduradunak Reptou lehen hezkuntzako ikastetxea, Biarritzeko Itsas Zentroa eta Biarritzeko Hiria dira.
ÎLE NOUVELLEKO POLDERRAK KENTZEA
Île Nouvelle (Uharte Berria) Girondako estuarioan dago. Lehenago, mahastizaintza zen nagusi, eta gero, artoa. Girondako Departamentuak eta Itsasertza zaintzeko erakundeak proiektu bat jarri dute abian uharte harresitu hori estuarioaren ingurunearekin berriro lotzeko, eta orain lantzen ez diren nekazaritza-lurrak, polderrak berez kentzearen bidez birnaturalizatzeko.