Naturguneak
NaturClima proiektuan diren hiru eskualdeetan (Nafarroa, Pirinio Atlantikoak eta Pirinio Garaiak) aberatsa da natur eta kultur ondarea eta, haien barnean, badira hainbat Naturgune.
BERTIZKO JAURERRIA NATUR PARKEA
Bertizko jaurerria Nafarroako Gobernuaren natur parke bat da, 2.040 hektarea hartzen dituena Bertizaranako udal mugapearen iparraldean. Parkeko alderdi gehiena oihana da, 1.869 ha baititu. Atlantikoko isurialdeari dagokion landaretza hazten da. Oihan hosto erorkor zabala da, naturaltasun maila handikoa.
Mendi tontorrean Aizkolegiko jauregia dago, Pedro Cigak (Bertizko azken jauna) eraikia, begiratoki bikaina parkea eta inguruko ibarrak ikusteko. Soiluneetan, han-hemenka, baserriak. Haien inguruan, baratze txikiak, fruta-arbolak eta belaiak, aziendaren bazka. Autokontsumoko ohiko nekazaritzaren adibideak dira.
Parkeko sarreran lorategia dugu, iragan mendearen hasierakoa, oso ederra. Pedro Cigak landare exotikoen hainbat espezie ekarri zituen bertara eta, Bertizko klima goxoari esker, aise hazi dira. Lorategi ondoan daude harreralekua, informazio gunea eta interpretazio eremua osatzen duten eraikinak.
URBASA-ANDIA PARKE NATURALA
Urbasako eta Andiako mendilerroak, Nafarroako mendebaldean, muga klimatikoa dira, haietan gelditu eta husten baitira Bizkaiko itsasotik heldu diren hodeiak. Mendilerroak, berez, bigoi-lautada dira, ertzak gora dituztenak bai iparraldeko isurialdean (Arakilgo ibarraren gaineko malkarra eta San Donatoko gaina), bai hegoaldekoan (Urederraren sorburuko zirkua).
Euri eta elur ugari egin arren, lurzoru karstikoak ez du ia uzten gaineko ibairik sortzen, ura pitzadura eta leizeetan barrenera baitoa lur azpiko sarea sortzeko. Lurzoruaren ezaugarri horiek, erliebeak eta klimatologiak direla medio, hiru landaretza mota daude Urbasan eta Andian: oihana, soiluneak eta harkaitzeko landaretza.
Mendez mende, Urbasako eta Andiako mendilerroak zuhurtziaz ustiatu dira egurra, egur-ikatza, ehiza eta bazka ateratzeko. Gaur den egunean, natur parke izatea lagungarria da tradiziozko erabilera horiek egiten jarraitzeko eta, aldi berean, paregabeko paisaiari eta naturaren biodibertsitateari eusteko.
PIRINIOETAKO PARKE NATURALA
Pirinioetako Parke Nazionala Frantziako hirugarren parke nazionala da eta 1967ko martxoaren 23an sortu zen. Atlantikoaren eta Mediterraneoaren arteko eragin klimatikoen gurutzaketan egonik, Pirinioetako Parke Nazionala aberatsa da natur, kultur eta paisaia arloko dibertsitatean, era askotako flora eta fauna espezieak ditu, bai eta espezie endemiko eta adierazgarri anitz ere.
Parkeak ehun kilometro hartzen ditu, sei haranetan, bi departamendutan (Pirinio Atlantikoak eta Pirinio Garaiak) eta bi eskualdetan (Akitania Berria eta Okzitania) hedaturik, Aspeko uhaitzetik Neste ibairaino, Espainiarekin muga egiten duen mendilerroan zehar. Guneak 45.707 hektarea ditu luze-zabaleran; atxikitze-eremuak, 128.400 hektarea; eta atxikitze-eremu optimoak, 206.352 hektarea.
Parke Nazionalaren bihotza 1.067 metrotik behera inoiz jaisten ez diren lurraldeen gainean dago hedaturik. Tokirik garaiena Pique Longue du Vignemale da, 3.298 metrokoa itsas mailaren gainetik. Paisaia mota anitz dira, hala nola Gavarnieko kareharrizko gune erraldoia, Cauteretseko granito-mendia, Midi d’Ossau mendiaren sumendi-jatorriko irudi dotorea eta Aspe haraneko ibar oihantsu sekretuak.
GUNE ATLANTIKOAK ETA ITSAS GUNEAK PIRINIO ATLANTIKOETAKO DEPARTAMENTUKO KOSTALDEAN
Pirinio Atlantikoetako kostaldea Frantziako Euskal Herriko itsasertzari dagokio. 35 kilometroko luzera du eta interes handia ere paisaietan; gainera, aberatsa da zinez geologiari eta biodibertsitateari begira. Aturri itsasoratzen den lekutik Espainiako mugara bitarte, badira hareazko hondartzak, dunak, badiak, estuarioak, flysch labarrak, basa eremuak eta belardi aerohalinoak; guztiek ere aberastasun ekologiko handiko ingurunea osatzen dute. Lau ibai garrantzitsu itsasoratzen dira Iparraldeko euskal kostaldean: Aturri, Bidasoa, Ugarana eta Uhabia.
Kostaldeko paisaia era anitzetakoa da zinez, gozamen hutsa. Hortaz landara, itsas habitatak, halaber, aberatsak dira dibertsitatean, hots, itsaspeko haitzuloak, zostera izeneko itsas belardiak, Sabellaria alveolata espezieak osatutako arrezifeak, etab. Bereziki, Capbretongo itsas golkoa, itsaspeko zintzur paregabea da Europan, ondare-intereseko itsas espezieak bizi baitira.
Pirinio Atlantikoetako itsas gune batzuek babes estatus bat dute Europako Natura 2000 Sarearen barnean, Habitatei eta Hegaztiei buruzko zuzentarauekin bat. Gune horiek Pirinio Atlantikoetako itsasertzaren zati handi bat hartzen dute, eta azaleran, 10.000 ha inguru dira. Frantziako lurralde-uretan daude, 50 m-ko sakonerainoko itsas azpietan. Itsas guneak euskal itsasertzeko zortzi udalerrietan daude, Angelutik Hendaiaraino.