Urbasa-Andiako sentsibilizazio-programatik iraunkortasunari buruzko prestakuntzara Nafarroako ipar-mendebaldean

02/05/2022 | Albisteak

NaturClimaren betebeharren artean esperientzia positiboak kapitalizatzea eta sentsibilizazio-programa berriak garatzea dago, klima-aldaketa eta harekiko egokitzapena hezkuntza- eta prestakuntza-xede gisa erabiliz.

Joan den urtean sentsibilizazio-programa zabala diseinatu eta gauzatu zen Urbasa-Andia Parke Naturalean, eta, ildo beretik, Nafarroako Explora Sareak iaz eman zuen iraunkortasuneko teknikariei buruzko prestakuntza egokitu da udaberrian. Ikastaro horri jarraipena emateko eta lurralde-iraunkortasunaren esparruetan interesa izan eta, gainera, klima-aldaketaren arloan dituzten ezagutzak handitu nahi dituzten pertsonak prestatzen jarraitu ahal izateko esparrua da NaturClima.

Proiektuaren gune pilotuen eragin-eremuan oinarrituta, prestakuntza jasotzen ari diren ikasleak metodologia praktiko eta dinamiko baten bidez ikasten ari dira, benetako arazoei buruz lan egiteko erronkaren bidez, zehazki, honako gune hauetan: Sakana-Aralar-Plazaola eta Leurtza-Bidasoa. Prestakuntza, batez ere, Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan egiten da, eta lekuan bertan ere, aipatutako guneetan.

12 ikasleak hasi egin dira

Ikastaroak hilabete eta erdi iraunen du. Fundación Emplea-k emanen du. Joan den apirilaren 20an, asteazkenarekin, hasi zen prestakuntza; lehen saio hori Nasuvinsako egoitzan egin zen; proiektuaren entitate bazkidea eta prestakuntzaren antolatzailea da Nasuvinsa. Talde heterogeneoa osatzen dute ikasleek: adin desberdinetako gizon eta emakumeak, askotariko prestakuntza eta esperientziak dituztenak, hasi gizarte- eta hezkuntza-arlotik buka ingurumenekoan, basogintzakoan eta artisautzakoan. Gehienak prestakuntza emango den eremuetatik datoz.

Bigarren eguna, lehen erronkak…

Lehen topaketaren eskutik, ikasleek ingurune naturalean lan eginez izandako esperientziak kontatu zituzten, eta beren ezagutzak partekatzeko eta aurretik duten proiektu bateratuari begira elkarren osagarri izateko konpromisoa hartu zuten, ilusio handiz. Bigarren saioan erronka zehatzak hasi ziren.

Bi izan ziren arratsaldeko dinamika nagusiak. Ingeniaritza-proiektu bat, taldeka, zeinetik ekintza-plana, azpiegitura eta aurkezpena osatuko baitzuten; aurkezpen hori Elevator Pitch teknikan oinarritu zen, hau da, emaitza segundo gutxi batzuetan “saldu” behar izatean. Bigarrenak, aldiz, bi gai izan zituen ardatz: bata, naturaguneen erabilera egokia, eta bestea, erabiltzaileak ezagutzea, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko haiei, zertarako eta haien bisita aukera bat izan dadin, eta ez arazo bat. Horretarako, inkestak diseinatu, eta kalera atera ziren inkestak egiteko.

Datorren astean, tokian bertan, solaskideak ezagutzeko

Lurraldean, prestakuntzan parte hartzen ari direnak harremanetan jarriko dira bertako entitate eta pertsonekin, zeinek eskualde bakoitzaren testuingurua aurkeztuko baitiete. Ikasleek gune horien kudeaketa, programazioa eta dinamizazioa hobetzen laguntzeko proposamenik onenak bilatuko dituzte.

Bestelako prestakuntza osagarriak

Maiatzean zehar, beste bi saio osagarri aurreikusita daude, naturaguneetan jendeari eman beharreko arreta hobetzeko: bata, komunikazio-trebetasunei buruzkoa, eta bestea, gatazkak konpontzeari buruzkoa. Iaz oso probetxugarriak izan ziren, eta horregatik erabaki da berriro egitea.