Pentsuen eta erregaien prezioen igoerak azienda Urbasara eta Andiara lehenago igotzea ekarri du
Abeltzaintza estentsiboak Urbasa eta Andiako mendietako paisaia moldatu, eta balio natural handiko ekosistemak sortu ditu. Urbasa eta Andiako azaleraren % 32 belar- edo zuhaixka-larreek okupatzen dute. Iaz, 341 ustiategitako 39.459 abelburu bazkatu ziren han: 30.193 ardi, 4.726 behi, 3.910 behor eta 630 ahuntz. Batez ere mendi horien inguruko ibarretatik (Ameskoak, Sakana, Ollo eta Goñi) eta, neurri txikiagoan, Araizko, Bidasoko, Ultzamako ibarretatik eta Erriberatik datoz abereak.
Azienda apirilaren 15etik abenduaren 15era egon daiteke mendian, baina denbora gutxiago eman ohi dute, batez ere behiek eta ardiek. Aurten, aurreko urteetan baino lehenago igotzen ari dira abereak. Pentsu, gasolio eta bestelako horniduren prezio altuek bultzatuta, abeltzainak inoiz baino gehiago ari dira baliatzen larre horiek erabiltzeko eskubideez. Larreak, gainera, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren ziurtagiriaren barne daude.
Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) sozietate publikoko teknikariak ganaduaren igoera koordinatzeaz arduratzen ari dira, Ingurumena Zaintzeko Atalarekin batera. Ustiategietako arduradunek abereak eraman baino hiru aste lehenago aurkeztu behar dute eskaera. Izan ere, mugitzeko gida lortuko badute, Abeltzaintza Zerbitzuak osasun-kontrol berezia egin behar die behi, ardi eta ahuntzei, ustiategi guztiei egin ohi zaizkien kontrolez gain.
Mugitzeko unea iristen denean, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako eta Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileek sarrera kontrolatu, gidak egiaztatu eta pistetara sartzeko txartelak ematen dituzte. Egonaldia bukatzen dutenean ere jakinarazi behar dute abeltzainek; helburua da kontrolatzea mendietan zenbat abelburu dauden. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, pistak, putzuak, askak eta itxiturak mantentzen ditu.
Erabileren bizikidetza
Gaur egun, basa- eta artzain-paisaiak mehatxupean daude, abeltzaintza estentsiboaren gainbeheraren eta aziendaren maneiuaren aldaketaren ondorioz (arraza ez baitira hain zailduak eta mendian denbora gutxiago irauten baitute). NaturClima proiektuaren bidez, erabilera tradizional hori eta beste batzuk turismo- eta aisia-erabilera berriekin eta habitaten kontserbazioarekin bateragarri egitea sustatzen da. Aurten, azienda Urbasa edo Andiara eramaten duten abeltzainek Interreg POCTEFA NaturClima proiektuaren botilatxoa jaso dute.