NaturClimak WWFren abeltzaintza estentsiboari buruzko jardunaldietan parte hartu zuen

2022/04/28 | Albisteak

Joan den apirilaren 26an egin zen WWFk antolatutako “Abeltzaintza estentsiboa” izeneko azken online jardunaldiak. Aurreko jardunaldietan ekoizpen-eredu horren alderdi ekonomiko eta sozialei heldu ondoren, hirugarren mintegia ingurumen-alderdiei buruzkoa izan zen.

Lanaldiaren hasieran, haragi- eta esneki-ekoizpenaren eredu intentsiboei lotutako ingurumen-inpaktu batzuk deskribatu ziren, eta, ondoren, abeltzaintza estentsiboaren ingurumen-onurei erreparatu zitzaien. 90 bat lagunek hartu zuten parte saioan. Besteak beste, mundu akademikoko pertsonak; abeltzainak; albaitaritzako, agronomiako eta biologiako profesionalak; administrazioko langileak (Gobernu Zentralekoak zein autonomia-erkidegoetakoak) eta GKEen sektoreko profesionalak.

Jardunaldian, STOP Abeltzaintza Industrialeko taldeko Inma Lozanok ustiategi horietako batetik hurbil nola bizi den esplikatu zuen; Isabel Fernandezek (Ecologistak Martxan) animalien elikadurari eta deforestazioari buruzko hitzaldia eman zuen; eta Javier Guzmanek (Justicia Alimentaria), abeltzaintza industrialaren eta klima-aldaketaren arteko harremanari buruz hitz egin zuen, Katalunian zerri-industriaren kasua azalduz.

Abeltzaintza estentsiboa: klima-aldaketaren aurkako tresna

Carlos Astráin GAN-NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketa Sozietate Publikoko Agroaniztasun arloko koordinatzaileak “Abeltzaintza estentsiboa (BNHS): klima-aldaketari aurre egiteko tresna” gaiari buruzko hitzaldia eman zuen, eta horren inguruan NaturClima POCTEFAren esparruan egin den ikerketaren berri eman zuen.

Bere hitzaldian, balio natural handiko sistemak (BNHS) aipatu zituen, hala nola, dehesak, mendiko abeltzaintza estentsiboa, lehorreko belarki- eta egur-laborantza estentsiboak eta mosaiko-paisaiak, eta haien onura ugariak azaldu zituen. Nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilera horiek biodibertsitatea eta paisaia kontserbatzen laguntzen dute, kalitatezko elikagaiak ekoizten dituzte, ura eta lurzorua babesten dituzte, suteak prebenitzen dituzte, biztanleria finkatzen dute, kultura-ondarea mantentzen dute eta klima-aldaketara egokitzen eta hura arintzen laguntzen dute.

Astrainek adierazi zuenez, laborantzako lurretan karbonoa galtzeko joera nabaria dago gaur egun, batez ere nekazaritza eta abeltzaintza banatzearen ondorioz. Egoera hori aldatzeko, beharrezkoa da abeltzaintza estentsiboa berreskuratzea nekazaritzari lotutako kudeaketa-tresna moduan, eta, horretarako, premiazkoa da NPBk klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea sustatzen duten nekazaritza-sistemak babestea (abeltzaintza estentsiboa).

Azkenik, nekazaritzako lurretan karbonoa finkatzeko mekanismoei buruzko ezagutzan aurrera egiteko beharra azpimarratu zuen adituak, NaturClima proiektuaren bidez egin den bezala.