Ezagutza, transmisioa eta sentsibilizazioa dira, NaturClima proiektuaren barruan, Pirinioetako Parke Nazionalaren hiru jarduketa-ardatzak
Klima-aldaketari buruzko ezagutza areagotzeko, Parke Nazionala natura-espazioaren diagnostiko bat egiten ari da, ORCHAMP protokoloaren bidez; hura, dagoeneko, Alpeetan erabiltzen da, 2016tik. Protokolo hori lehen aldiz ari da aplikatzen Pirinioetan, Naturclimaren esparruan. Haren helburua da zaintzea eta ulertzea nola erreakzionatzen eta erreakzionatuko duten biodibertsitateak eta ekosistemak klima-aldaketaren eta lurraldearen erabilerako aldaketen aurrean. Horretarako, zenbait segimendu egiten dira azterlanerako baliatutako eremuetan, epe luzeko aldaketak aztertu eta modelizatzeko.
Informazio hori zabaltzeko, Lurraldeko Behatokia sortuko da, eta hark Interneteko atari baten forma hartuko du. Webgune horren bidez, Orchamp-en datuak eta klima-aldaketaren beste segimendu-programa batzuen eta Parkeko lurraldearen beste bilakaera-programa batzuen datuak zabalduko dira.
Sentsibilizazioari dagokionez, Parke Nazionalak “Cartes Blanches” proiektua jarri du abian; haren bidez, herritarrak inplikarazi nahi izan dira klima-aldaketaren egokitzapenean. Alde batetik, azterlan etnologiko bat egin zuen, herritarrei galdetzeko zer ikuspuntu duten paisaiaren eta klima-aldaketaren inguruan, eta, bestetik, proiektuak sentsibilizazio-lana egin zuen eta, horretarako, postalak, kaleko jarduketak eta belaunaldien arteko irrati-tailerrak bildu zituen. Ingurumen-hezkuntzaren eremuan, PNPk klima-aldaketarako egokitzapenari buruzko escape game baten diseinuarekin amaituko du laster.