Urbasa-Andiako Parke Naturalak egitarau oparoa eskaini du udan eta udazkenean adin guztietarako: tailerrak, eskola-jarduerak eta interpretazio-bisitaldiak, hain zuzen

20/10/2021 | Albisteak

Jarduera NaturClima Europako Proiektuaren baitan dago. Pirinioez bi aldeetako naturguneak klima-aldaketara egokitzeko eta gobernantza hobetzeko ekimena da.

Tailerrak, eskola-jarduerak, interpretazio-bisitaldiak eta ibilbide gidatuak baliagarriak izan dira Urbasa-Andiako Parke Naturalaren eta bertako erabilera tradizionalen balioa nabarmentzeko, bai eta klima-aldaketak paisaian dituen ondorioak nabarmentzeko ere. Jarduera guztiak doakoak izan dira eta dira.

Seberinoren Borda, informazio gunea

Udaldian, hau da, bisitari gehien iristen den garaian, ingurumen heziketa arloko lana egin beharra ikusi zen, bisita kopuru handiak parkeari kalterik ez eragitea ziurtatzeko. Horretarako, Seberinoren Borda uda partean ireki da bisitariak hartzeko, parkeari buruzko informazioa emate aldera eta jokabide onerako arauak oroitarazte aldera. Borda hori duela zenbait urte zaharberritu zen Interpretazio Gunea paratzeko.

Borda horretan, halaber, familiendako tailer andana egin da uztailean, Urbasa-Andiarako hiru gai oso garrantzitsu nabarmentzeko: 

  • Parkean diren erabilera tradizionalak (artzaintza eta abeltzaintza, gaztak, oihan ustiapena, etab.) eta haien garrantzia naturgunea jasangarritasunarekin bat mantentzeko.
  • Klima-aldaketa eta haren ondorioak ingurunean. Horrelakoak esperimentu errazen bidez azaldu zaizkie haurrei, gure ekintzen garrantzia eta ondorioak ikustarazteko.
  • Bisitariek beren hondakinak kanpora eramateak duen garrantzia, birziklatze aldera, aurten edukiontzi guztiak kendu baitira. Hori neurri berria izan da, zaborrek gainezka ez egiteko eta ez barreiatzeko.

Interpretazio-bisitaldiak, izena emanda

Iraileko larunbat eta igandeetan, interpretazio-bisitak egin dira Seberinoren Bordatik abiatuta. Ibilbidea 3 kilometrokoa izan da, eta 2 orduko azalpena, hainbat gunetan barna, gai batzuez lekuan bertan hitz egiteko: ekosistema mota honetaz eta hartaz, azienda-jardueraz, ikatzaz eta oihan kudeaketa jasangarriaz.

Ibilaldiak sekulako arrakasta izan du. Taldeak egunero bete baitira; 15 lagun, gehienez.

Eskolaumeendako jarduerak

Inguruko eskolek, halaber, gonbidapena jaso zuten eskolaumeendako jardueran parte hartzeko. Parkean bertan, eta behin ikasturtea hasitakoan. Azkenean, iraileko azken astean, bi ikastetxek jardueran parte hartu zuten, eta poz-pozik gelditu ziren.

Ibilbide gidatuak udazkenean

Ikaskuntzari eskainitako hiruhileko hau bukatzeko, parkeko langileak ibilbide gidatuak egiten ari dira urriko igandeetan, aurrez izena emanda. Argibideak eta izena emateko eskabideak https://naturclima-poctefa.eu/ webean daude eskura.

Honatx urrirako antolatu diren hiru ibilbideak:

  • Iturrietako Ibilbidea Urbasan (5 km – 3 orduko iraupena): uraren garrantzia, ingurunea modelatzeko eragilea baita eta ezinbesteko baliabidea gizakiarendako.
  • Ibilbidea Andian barna (8 km – 3,5 ordu): Naturgune honetako natur balioak eta antropologikoak erakusteko.
  • Bisita Urederra ibaiaren natur erreserbara (6,5 km – 3,5 ordu): naturgune berezi honetako natur balioak eta ingurumeneko arazoak azaltzeko.

Oroitarazten da parte-hartzaileek aparkaleku egokituetan utzi behar dutela ibilgailua eta sortzen dituzten zaborrak kanpora eraman behar dituztela.

EGEF funtsen bidez finantzatua

NaturClima Europako Proiektuak 2.134.856 €-ko aurrekontua du eta Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du, beste batzuekin batera.

Jarduerak Lursarea Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziak antolatu ditu, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean.