NaturClimaren aurrez aurreko Lehen Gidaritza Batzordea egin da Tarben, pandemia ondotik

2021/06/24 | Albisteak

Proiektuko bazkideak hilaren 18an eta 19an elkartu ziren, martxan ezarri diren ekintzen ibilera berrikusteko eta Pirinioetako Parke Nazionalaren kudeaketa han berean ezagutzeko.

Orain artio, lau jarraipen bilera egin dira NaturClimako entitate bazkideen artean. Haietariko azkena Tarben egin zen, iragan asteburuan, Pirinio Garaietako Departamentuan (Frantzia). Aurrez aurreko lehena izan da pandemia ondotik. Bileran, proiektuko bazkideek ikerkuntzan, ingurumeneko hezkuntzan eta sentsibilizazioan abiarazitako zenbait jarduera berrikusi ziren.

Zehazki, Pirinioetako Parke Nazionala datuak biltzen ari da landarediaz, lurzoruaz, oihanaren estratifikazioaz, faunaz (intsektu eta sugandila babestuak), tenperaturez eta Parkeko glaziarren bilakaeraz, klima-aldaketak biodibertsitatean zer-nolako ondorioak dituen aztertzeko. Sentsibilizazioari dagokionez, “Gutun zuriak” izeneko proiektua garatzen ari da klima-aldaketaren inguruan, bizilagunek beren ekarpenak egin ditzaten azken hamarkada hauetan paisaian izaniko aldaketaren gainean, hainbat arte eta kultur jardueraren bitartez: halaber, “Mission Clima” izeneko escape game bat eginen da.

Biarritzeko Itsas Zentroak, bertzalde, itsas hegaztien jarraipenean dihardu 1976az geroztik, eta orain, NaturKlimaren baitan aztergai ditu ozeanoaren eta klimaren aldaketekiko sentiberak diren espezieak. Halaber, pedagogia-lan handia egiten ari da hainbat proiekturen bidez; adibidez, Itsas Eremu Hezigarri bat, hots, ekimen pedagogiko bat da eta, haren bidez, lehen hezkuntzako ikasleek era parte-hartzailean ezagutu eta kudeatzen dute itsasertzeko inguru txiki bat; itsas hegaztiak ezagutzera emateko tailer bat; Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateko ikasleendako prestakuntza, itsasoko bioaniztasunaz eta klima-aldaketaz; eta mahai-joko bat ari da diseinatzen itsasoko bioaniztasuna eta ekosistemak babesteari buruz.

Bertizen, Nafarroako Gobernuak Aizkolegiko Jauregia erabiltzeko aukerak aztertu ditu, eta Parkeko bidexka sarea optimizatzeko azterlan bat egin du; horrela, panelak eguneratu eta bidexken mapa-gida berri bat egin da.

CPIE Bigorre-Pyrénées zentroak prestakuntza-bidaiak eginen ditu irailean Mirandeko Lanbide Heziketako eta Nekazaritza Sustapenerako zentroko ikasleentzat, bai eta Vic-en-Bigorreko Irakaskuntza Ikastetxe Publikoko eta Nekazaritzako Lanbide Heziketako ikasleentzat ere. Erakundeak, gainera, martxan ezarri du Poctefako bi proiekturen arteko lankidetza, NATURCLIMA eta ADAPYR, klima-aldaketari buruzko gida hezigarri bat egiteko.

Ingurumen hezkuntzaren arloan, Nasuvinsak langile baten kontratazioa finantzatuko du, Urbasa-Andiako Parke Naturalean lan hauek egiteko: bisitariei harrera egitea, sentsibilizazioa lantzea, eta ingurumen hezkuntza jorratzea, tailer, solasaldi eta ibilaldi gidatuen bidez, uztailetik urrira arte.

Azkenik, GAN-NIK enpresak hegazti migratzaileen behaketa lana egiten segitzen du Lindusen (Auritz); halaber, hegaztiak markatu eta haien jarraipena egiten du, eta interpretazio-panelak eginen ditu Natura 2000ko guneetako migrazioari buruz.

Gobernantza parte-hartzailea lantzeko tailerra, ekainaren 25ean

Ortziral honetarako (ekainak 25), Nasuvinsa-Lursarea sozietate publikoak klima-aldaketa eta gobernantza parte-hartzaileari buruzko tailer bat antolatu du, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin elkarlanean. Ekitaldia NaturClimaren baitan garatuko da, eta jardunaldi mistoa izanen da, hau da, online eta aurrez aurrekoa, naturguneak kudeatzen dituzten erakundeentzat. Era berean, tailer bat eginen da Urbasa-Andiako Parke Naturalean diharduten erakundeendako.

NaturClima

NaturClima mugaz gaindiko ekimena da eta Pirinioez bi aldeetako naturguneen kudeaketaz eta gobernantzaz arduratzen diren erakundeen arteko lankidetza areagotu nahi du, naturgune horiek klima-aldaketaren aitzinean babesteko, eta haien egokitzapena sustatu eta hobetzeko. Hona hemen nor diren proiektuan bazkide: Gestión Ambiental de Navarra – Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK SA), Navarra de Suelo y Vivienda, SA (NASUVINSA), Pirinioetako Parke Nazionala, Association Bigourdane Environnement Naturelabéisée CPIE Bigorre-Pyrénées, Biarritzeko Itsas Gunea, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua. Gidaria, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernua da. Proiektuaren aurrekontua 2,1 milioi euro da. %65 Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak eman du (EGEF), Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020), eta 30 hilean garatuko da, 2022ko ekainera arte, hain zuzen ere.

Proiektuaren proiektua hainbat tokitan garatzen ari da, hala nola Bertizko eta Urbasa-Andiako Parke Naturaletan (Nafarroa), Pirinio Atlantikoetako itsasertzeko naturgune atlantikoetan eta Pirinioetako Parke Nazionalean, hainbat arlo jorratzeko: fenologia, hegaztien migrazioaren azterketa, naturguneen kudeaketa eta gobernantza parte-hartzailea, bai eta ingurumeneko hezkuntza eta prestakuntza ere. Xedea baita leku horiek erreferentziazko naturgune bihurtzea klima-aldaketari dagokionez.