NaturClimak bazkalekuak ditu aztergai karbono-hustuleku gisa

2022/02/06 | Albisteak

Gure abeltzainek azienda era estentsiboan elikatzeko mantentzen dituzten belardi naturalak oso aproposak dira karbonoa metatzeko, karbono kantitaterik handienetakoak metatzeko gauza diren lurrak baitira Lur osoan. Horrez gain, habitatik mehatxuenetako bat dira, eta gure mendietako lore dibertsitaterik handienekoak ere bai. Azienda era estentsiboan gobernatzeko lurrak zaindu eta lehengoratzeak kalitatezko elikagai gehiago emanen dizkigu, guztiak ere lurraldeari lotutakoak, eta tresna egokia ere badira Klima Aldaketari aurre egiteko.

NaturClima proiektuko erreferentziazko ekintzen arteko bat balio natural handiko azienda ustiategiei dagokie; zehazki, naturguneko kudeatzaile gisa aztertu nahi dira, karbono-hustuleku gisa jokatzeko duten gaitasun handiarengatik. Hori dela eta, NaturClimaren baitan, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa sozietate publikoa (GAN-NIK), Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (LIFE Nadapta proiektua) eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, hainbat lekutako belardien lore-ezaugarriak eta azienda gobernatzeko modua ari da aztertzen, eta alderdi horiek belardietako materia organikoarekin erlazionatuko dituzte. Belardiak, zehazki, Esteribarren, Aurizberrin, Aezkoan eta Zaraitzun daude.

Orain arte, lurzoru laginak hartu dira, haien ezaugarri edafologikoak jakiteko eta, halaber, hainbat bilera egin dira abeltzainekin azienda nola gobernatzen duten jakiteko. Udaberria iristean, belardietako florak goia joko du eta aukera ona izanen da loreak xehetasunez aztertu eta ezagutzeko.