NaturClima proiektuaren azken mintegia Iruñean egin zen
Maiatzaren 17an, NaturClima proiektuaren azken mintegia egin zen. Proiektua 2019an jarri zen abian, Pirinioen bi aldeetako naturaguneak kudeatzeaz eta gobernatzeaz arduratzen diren erakundeen arteko lankidetza areagotzeko, naturaguneak klima-aldaketara egokitzeko prozesua babestu, sustatu eta hobetzeko.
Amaitu berriko mugaz gaindiko lankidetza-ekimen honetan, honako hauek parte hartu dute: Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) eta Navarra de Suelo y Vivienda (NASUVINSA); Pirinioetako Parke Nazionala eta CPIE Bigorre-Pyrénées elkartea, Pirinio Garaietako Frantziako Departamentukoa; Miarritzeko Itsas Zentroa , Akitania Berrikoa; eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, zeina proiektu-buru aritu baita. Proiektuak 2,1 miloi euroko aurrekontua izan du, eta % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatu du (FEDER)Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programen eskutik.
Pablo Muñozek, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Departamentuko zuzendari nagusiak, inauguratu zuen jardunaldia, eta Fernando Vallares zientzialari eta dibulgatzaile ezagunak, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) ikertzaileak, online parte hartu zuen, “Klima-aldaketa eta naturaguneak: Nork babesten du nor?” izenburuko hitzaldiaren bidez. Klima-aldaketaren ondorioen ikuspegi orokorra eman ondoren, adituak esan zuen eremu natural babestuak ez direla ez luxua, ez gastua, baizik eta “inbertsio izugarri errentagarria epe ertain eta luzera”.
Goizean zehar, proiektuko kide diren erakundeek NaturClima proiektuaren esparruan klima-aldaketara egokitzeko egindako ekintzen berri eman zen, bai eta LIFE NADAPT eta LIFE NaturAdaptt proiektuek esparru horretan izandakoesperientzien berri ere. Izan ere, NaturClimaren lan-ildoetako bat beste proiektu batzuekin lankidetzan aritzea eta klima-aldaketara egokitzeko eremuan orain arte garatutako ezagutzak eta praktikak kapitalizatzea izan da.
Arratsaldean eta biharamunean, erakunde kideetako ordezkariek proiektuaren azken segimendu-bilera egin zuten, emaitzen balantzea egiteko. Halaber, Urederra ibaiaren Iturburuko Erreserba Naturala bisitatu zuten. Zinez ingurune natural ikusgarri da, non NaturClimak eremuan jarritako zurezko azpiegiturak kofinantzatu baititu bisitak eta ingurunearen babesa bateragarri egiteko xedez.
Bertizko Jaurerriko eta Urbasa-Andiako parke naturalak, erreferentziako espazioak egokitzeari dagokionez
Proiektuaren jarduketa-eremu nagusiak hauek izan dira: Bertizko Jaurerriko eta Urbasa-Andiako parke naturalak, Nafarroan biak, Pirinio Atlantikoetako espazio atlantikoak eta itsas aldekoak eta Pirinioetako Parke Nazionala; toki horiek klima-aldaketara egokitzeko erreferentziazko naturagune bihurtzeko ikerlanak eta jarduketak egin dira paraje haietan guztietan.
Leku horietan, flora, fauna eta lurzoruak aztertu dira, haien eta klima-aldaketen arteko lotura ezagutzeko. Programa berritzaileak egin dira, zehazki, hala nola Orchamp, Pirinioetako Parke Nazionalean lehen aldiz ezarri dena. Haren emaitzak eta parkeko beste jarraipen-programa batzuenak aurki erakutsiko dira klima-behatokia deituriko web-atarian. Urbasan, aldiz, ondare geologiko eta arkeologikoa ere aztertu da, balioa eman eta haren kontserbazioa hobetzeko. Bertitzen, bestetik, espezie inbaditzaileak (Prunus laurocerasus, Fallopia, Palmondos, Paalisandroa eta Pawlonia tomentosa) desagerrarazi eta kontrolatzeko jardun dute. Gaztainondoak landatu dira, eta haritz kandudunaren ezkurrak erein ere, espezie horiek kolonizatu ez dezaten.
Beste jarduera batzuen bidez, naturaguneetako zerbitzuak eta ekipamenduak hobetu dira, ingurumenaren gaineko inpaktuak murrizteko eta haien erabilerak (aisia, abeltzaintza eta basogintza) kontserbazioarekin bateratzeko. Ildo horretatik, bidezidorrak eta azpiegiturak egokitu dira, ekipamenduak berritu eta sortu dira, energia fosilen ordez iraunkorragoak jarri dira, irisgarritasuna hobetu da eta bisitarientzako zerbitzuak jarri dira.
Hegaztien eta zelaietako karbonoaren inguruko azterketak
Aldi berean, erreferentziazko leku horietatik kanpo ere egin dira klima-aldaketari buruzko hainbat azterlan.Alde batetik, Lindus lepoan eta Pirinio Atlantikoetako itsas eremuetan, hegaztien jarraipena egin da. Izan ere, haien migrazio-patroiak klima-aldaketen adierazle argiak dira. Emaitzak Miarritzeko Itsas Zentroaren eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketaren argitalpen bateratu batean islatuko dira. Bestalde, balio natural handiko nafar larreetan karbonoa finkatzeari buruzko ikerlan bat egin da, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan. Lan horrek berretsi du handia dela Pirinioetako mendi-eremuetako abeltzaintza estentsiboko balio natural handiko larreek karbono organikoa biltegiratzeko duten gaitasuna, haietako kontzentrazioak baso-lurzoruetan aurkitzen direnen baliokideak edo handiagoak baitira.
Profesionalen prestakuntza eta sentsibilizazioa
Azterlan zientifikoekin batera, profesionalen prestakuntza izan da NaturClima proiektuaren beste jarduera-ildo bat: gobernantza partizipatiboari buruzko mintegiak egin dira, langile teknikoak iraunkortasunean prestatzeko ikastaroak eman dira, eta basoak kudeatzeari, ingurumen-heziketari, itsas espazioen kudeaketari eta hegaztien migrazioari buruzko tailerrak ere.
Ingurumen-heziketaren eta sentsibilizazioaren bidez, NaturClimaren erakunde kideek lan egin dute klima-erronkei eta naturaguneen balioari buruz biztanleria kontzientziatu bat prestatzeko. Horretarako,ikuspegi positiboa duten proposamen berritzaileak gauzatu dira, hala nola Kosta mahai-jokoa, itsas biodibertsitateari buruzkoa, Mission Climat escape room-a, klima-aldaketarako egokitzapena jorratzen duena, eta Cartes Blanches, zeinak, sentimenduak piztu nahian, kaleko ikuskizunak eta belaunaldien arteko irratsaioak ekarri baititu. Ikuspegi partizipatiboari ere eman zaio lehentasuna. Pirinio Atlantikoetako itsasertzeko Itsas Eremu Hezigarriak izan dira horren adibide, zeinen bidez itsasertzeko espazioak kudeatzeko ardura ematen baitiete haurrei. Gainera, gida pedagogiko bat sortu da, eta jendearentzako jardunaldi irekiak, eskola-umeentzako saioak eta lehiaketak eta gazteentzako boluntariotza-ekintzak egin dira, baita ikasketa bidaiak ere ingurumenaren arloan etorkizunean arituko diren profesionalekin. Jarduera ugari eta askotarikoak, finean, www.naturclimapoctefa.eu webgunearen, buletin digitalen, sare sozialetako profilen eta merchandising-produktuen bidez hedatu direnak.