NaturClima-k Urbasa-Andiako Parke Naturaleko ekipamenduak eta azpiegiturak aztertu ditu

2022/02/25 | Albisteak

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zenbait ekintza garatzen jarraitzen du Urbasa-Andiako Parke Naturalean, NaturClima Poctefa proiektuaren esparruan, balio ekologiko, geologiko eta paisajistiko handiko eremu hori kontserbatzea eta haren erabilera publikoa eta tradizionala bateratzea xede dutenak.

2021ean zehar, Urbasa-Andiako Parke Naturalean bisitariei arreta emateko dauden azpiegitura eta ekipamendu nagusien diagnostikoa eta inbentarioa egin dira. Azterlanean jasotakoaren arabera, parkeak bi informazio-gune –Bioitzako Bisitarien Arretarako Zentroa eta Bakedaoko aparkalekuko informaziogunea–, Severino borda deiturikoa eta, handik hurbil, txondorra eta mahai panoramikoa ditu. NaturClima proiektuaren bidez, ekipamendu horiek egokitu nahi dira, baita zerbitzuen banaketan eta eskaintzan dagoen desoreka gainditu ere. Izan ere, askoz ere zerbitzu gehiago daude Bioitzan eta Urederran Andia mendian (Lizarragako mendatea) eta Ubaban (Limitaciones mendia) baino (ia ez dago zerbitzurik haietan); parke naturalera sartzeko bi gune horietan bisitari asko pilatzen dira.

Bidezidorrei dagokienez, zortzi bidezidor seinaleztatu daudela egiaztatu da (lau Urbasan, hiru Limitaciones mendian eta Urederrako Erreserbako bidezidorra), baina ez dago eskaintzarik Andia mendian. Naturclima proiektuaren bidez, ibilbide berriak aztertu nahi dira Andia sektorean zein kudeatzaileek eskaintzen ez dituzten ibilbide erabilienetan (Ubaba eta Baso Sorgindua). Horrez gain, dauden ibilbideen egokitasuna aztertuko da. Urederra ibaiaren iturburuko bidezidorrari dagokionez, azken hilabeteotan NaturClima-k zurezko azpiegiturak jartzen jarraitu du, bisitak eta ingurunearen babesa bateragarri egiteko.

Azpiegituren diagnostikoaren arabera, Lizarragako, Severino bordako eta Bioitzako aparkalekuak, ikazkinen etxola eta askaldegi eta sutegi batzuk egokitu beharra dago. Hala etxola nola sutegiak eta askaldegiak egokituta daude dagoeneko, eta Lizarragako mendateko aparkalekua aurten egokituko dela aurreikusita dago; jendearentzako informaziogune bat jarriko da, bestetik, aparkalekuan. Zabor-edukiontziei dagokionez, kentzea erabaki da. Izan ere, zaborra eramatera gonbidatuko zaie parkeko erabiltzaileei, horixe baita benetako erabilera jasangarria.