Ikas bidaiak Gavarnie ingurura

01/10/2021 | Albisteak

POCTEFA Naturclima programaren baitan, CPIE Bigorre-Pyrénées zentroak bi ikas bidaia antolatu zituen joan den irailean etorkizuneko ingurumen profesionalentzat, klima-aldaketak mendiko ingurumenean dituen ondorioak erakusteko eta faunaren, landareen nahiz gizakiaren egokitzapenak ikusteko.

Lehen irteera irailaren 16an eta 17an egin zen, eta CPIE Bigorre-Pyrénées zentroko Fabrice Loos eta Xavier Dornie ingurumen-hezitzaile eta mendi-gidariek Mirandeko Helduendako Prestakuntza Zentroko ikasleak eraman zituzten Gavarnie ingurura. Ikasleak, zehazki, Naturaren Kudeaketa eta Babes arlokoak ziren. Lehenik, Sauguéko goi-ordokia bisitatu zuten artzaintzaren gaia jorratzeko. Gero, Grange de Holle aterpean lo egin, eta biharamunean, taldeak Taillongo glaziarrera jo zuen; glaziarrak bere azaleraren % 85 galdu du 50 urtean (Pirinioetako glaziar gehienek bezala).

Bigarren bidaian, Vic-en-Bigorreko nekazaritza institutuko ikasleek txangoa egin zuten Oulettes de Gaube alderdira. Oulettes de Gaubeko aterpezainaren esperientziak argi eta garbi erakusten du zer-nolako larrialdiari egin behar diogun aurre. Izan ere, duela 10 urtetik honat, ur eskasia gero eta nabarmenagoa da aterpean. Zentral hidroelektriko txiki bati esker aterpea urez eta argindarrez hornitzen duen errekak gero eta ur gutxiago dakar. Aldi berean, bezeroek gero eta erosotasun handiagoak nahi dituzte (ur beroa dutxarako, mugikorra kargatzeko gunea, etab.). Beraz, ondorioen katearen adibide ona da.

Bi bidaia horietan parte hartu duten ikasleek laburpen bat eginen dute (halako txosten bat), 2022ko martxoaren bukaerako ekitaldi batean aurkezteko.