Baso heterogeneoak, klima-aldaketarekiko erresistenteagoak

2022/04/12 | Albisteak

Klima-aldaketaren ondorioak Europa osoko basoetan nabari dira. Baso-suteak eta uholdeak, gero eta ohikoagoak kontinentearen iparraldean; milaka hektarea basoren suntsitzaile diren eskolitidoen izurriteak, Europako erdialdean eta ekialdean; lehorte luzeen ondorioz lehortutako mendi osoak, Mediterraneo aldean; eta gero eta sute latzagoak eta hedatuagoak, hegoaldeko latitudeetan.

Era berean, espezieen banaketa aldatu egin dela egiaztatu da, Biologia Zientzietan doktore eta FUNGOBE/ Europarc España-ko (zona babestuen foro profesionala da hori) kontserbazio-arduradun José Antonio Atauri Mezquidak adierazi duenez. “Egiaztatu ahal izan denez, Iberiar Penintsulako mendi gehienetan landaretza gero eta kota altuagoetan hazten ari da tenperatura igotzen ari delako, batetik, eta, bestetik, alturako larreak uzten ari direlako”, esan zuen adituak, Urbasako eta Andiako baso-kudeaketari buruzko arestiko mintegian (NaturClima proiektuaren barruan antolatu zen ekitaldia).

Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelaren txostenen arabera, emisioak murrizten ez badira, tenperaturak gora egiten jarraituko du, eta, beraz, neurriak hartu beharko dira. “Estrategiarik garrantzitsuena emisioak gutxitzea da, eta horretan ari da jada Europar Batasuna. Beste estrategia bat egokitzapena da: klima aldatuko bada, presta gaitezen horretarako. Nola? Basoei dagokienez, klima-aldaketarekiko erresistenteagoak izaten saiatu behar dugu, ur-faltarekiko, suteekiko eta tenperatura altuekiko erresilienteak izaten. Basoak heterogeneoagoak eta ez hain trinkoak egin behar ditugu. Horretarako, beharrezkoa da klima-aldaketari buruzko alderdiak baso-kudeaketan txertatzea; eta baso-teknikak aplikatzea ere, helburu hauekin: zuhaitz-espezieak eta zuhaitzen adinak eta tamainak ugaritzea, basoen bizkortasuna handitzea, habitat bereziak lehengoratzea, basoko mosaikoak eta eremu irekiak bultzatzea, eta erabilera eta aprobetxamendu berriak sartzea”.

Adituaren iritziz, naturagune babestuak lehentasunezko tokiak dira klima-aldaketara egokitzea xede duen kudeaketa-mota hori garatzeko, arrazoi askorengatik: “Oso ugariak dira (lurraldearen % 27 hartzen dute), beste lurralde batzuek baino sostengu legal eta instituzional handiagoa dute, kultura- eta gizarte-balioak kontuan hartzen dituzte, kudeaketa planifikatua egiten dute, eta horrelako jardueren katalizatzaile gisa jardun dezaketen teknikariak dituzte”.

Gune babestu horietako batzuetan, Europarc España-k azterlanak egin ditu klima-aldaketa haien kudeaketan eta plangintzan txertatzeko. Horietako bat Urbasa eta Andia Parke Naturala eta Zaintza Bereziko Zona izan da. Izan ere, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko trantsizio-eremu batean dago, eta klima-aldaketaren fenomenoak kalte nabarmena egin diezaioke horregatik.