RTVEk Bertizko Jaurerria Parke Naturala eman du ezagutzera
Espainiako irrati-telebista publikoak Bertizko Jaurerriari buruzko erreportaje interesgarri bat egin du. Oroitaraziko dugu Bertizko Jaurerria dela NaturClima Poctefa proiektuak partaidetzazko gobernantzaren eta klima-aldaketara egokitzearen arloetan ekimen berritzaileak garatzeko aukeratu duen lau guneetako bat. Bideoa “Jardines con historia” saio barneko ataletako bat da eta RTVE Playn dago ikusgai. Ia 30 minutuz, oihan izugarrian eta lorategi historikoan barneratzen gaitu. Lorategian, Pedro Cigak eta Dorotea Fernandezek mundu zabaleko landare espezieak bildu zituzten.
Arturo Franco aurkezle eta arkitektoak erreportajean azaltzen duen bezala, Bertizko Jaurerria Bertizarana udalerriaren iparraldean dago, 2.040 hektarea ditu luze-zabaleran, arestian aipaturiko Pedro Ciga jaunak Nafarroako Gobernuari dohaintzan emandakoa. Parkearen zatirik zabalena 1.869 hektareako oihana da, Nafarroako isurialde atlantikoko ohiko landaredia duena. Hala ere, zatirik ezagunena aurreko mendearen hasierako lorategia da. Bertan, ederki hazi dira munduko beste bazter batzuetatik ekarritako landareak, Bertizko klima leunari esker.
NaturClima proiektuaren bidez, Bertizen hainbat jarduketa egiten ari dira espezie exotikoak kontrolatzeko, oihanak kudeatzeko, bidexkak hobetzeko, ingurumen-hezkuntzako ekipoak modernizatzeko eta eraikinak kontserbatzeko, parkea klima-aldaketara egokitzeko naturgune eredugarria izan dadin (ENRACC).