Nazioarteko esperientzien trukea Hegaztien Migrazioari eta Klima Aldaketari buruzko Lantegian
Pasa den martxoaren 31n, Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoak online lantegi bat antolatu zuen, hegaztien migrazioari eta klima-aldaketari buruzkoa, NaturClima proiektuaren esparruan. Lantegiaren helburuak honako hauek ziren: batetik, hegaztien migrazioaren azterketari buruzko esperientziak trukatzea, lantaldeek lanbide-ibilbidean izan dituzten zailtasun eta aukeren berri izateko, eta, bestetik, espezieen fenologian izandako aldaketak klima-aldaketarekin lotzeko eginiko azterketak elkarrekin trukatzea.
Ekintza horrek oso harrera ona izan zuen; 27 parte-hartzaile izan ziren, besteak beste, Mediterraneoaren, Itsaso Hilaren eta Itsaso Gorriaren inguruko zenbait herrialdetan proiektuak dituzten hizlari batzuk. Zehazki:
- Alejandro Onrubia Migres fundaziokoak Gibraltarko itsasarteko hegaztien segimenduaz hitz egin zuen.
- Rafa Benjumeak eta Mª Mar Delgadok (GAN-NIK) Linduseko (Nafarroa) hegaztien behaketaren berri eman zuten, klima-aldaketari lotuta.
- Wouter Vansteelant Batumi Raptor Count proiektuaren koordinatzaileak 2011ren eta 2021aren artean Georgian abian izan zen Batumi Raptor Count proiektuan egindako hegaztien kontaketa azaldu zuen.
- Emilie Milon Miarritzeko Itsasoko Zentroko (Frantzia) ordezkariak honako gai hau aztertu zuen: itsasoko hegaztiak klima-aldaketaren adierazle gisa.
- Christos Barboutis-ek, Bird Life Greece Sozietate Ornitologiko Helenikokoak, Antizitera uhartearen kasua azaldu zuen.
- Carlos Canok (Juan Carlos Erregearen Unibertsitatea) eta Javier Canok (Estatuko Meteorologia Unibertsitatea) Madrilen eginiko udako eta neguko hegaztien lau hamarkadatako azterlanei buruzko informazioa eman zuen.
- Luis Tiradok (SEO-Birdlife) hegaztiei Aragoiko Pirinioetako mendateetatik egiten zaien segimenduari buruzko datuak eman zituen.
- Özlem Midik-ek (Doğa BirdLife) Sarimaziko (Turkia) harraparien kontaketari buruzko informazioa eman zuen.
- Eta Steffen Oppell-ek (Royal Society for the Protection of Birds) harrapariei buruzko beste azterlan bat azaldu zuen; hura Galala behatokiak egin zuen Itsaso Gorrian (Egipto).
Adituen hitzaldiek eta ondoko solasaldiak hausnarketa interesgarriak ekarri zituzten hegazti migratzaileen fenologiaren eta klima-aldaketaren inguruan, NaturClima Poctefa proiektuaren jarduketa-eremuetako baten inguruan.
Jardunaldiko hitzaldi guztiak NaturClima Poctefa proiektuaren webgunean ikus daitezke: https://naturclima-poctefa.eu/eu/hegaztien-migrazioa-eta-klima-aldaketa/