Klima-aldaketaren aurrean gune babestuen kalteberatasunari buruzko NaturClima proiektua aurkeztu da

2021/03/23 | Albisteak

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bidez, INTERREG POCTEFA NaturClima Europako proiektuaren buru da, klima-aldaketaren aurrean naturagune babestuen kalteberatasuna lantzeko mugaz gaindiko ekimena.

Proiektuaren arduradunek abiatzeko bilera egin dute asteazken honetan Iruñean, eta proiektuko bost kidek hartu dute parte: Nafarroako GAN eta Nasuvinsa enpresa publikoak eta Parc National des Pyrénées, CPIE Bigorre-Pyrenees eta Miarritzeko Itsasoaren Zentroa erakundeak.

NaturClimaren garapenak 30 hilabeteko egutegia du 2022ko ekainera arte, eta 2,1 milioi euroko aurrekontua du; horietatik %65 Eskualde Garapenerako Europako Funtsek (FEDER) kofinantzatzen dute.

POCTEFA 2014-2020 ekimena, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren barruan dago, muga inguruko lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko hiru herrialdeen artean sorturiko lurralde-lankidetzako ekimen europarra. NaturClima proiektuaren helburuak, mugaz gaindiko espazio horrek, eta, zehazki, Pirinioen bi aldeetan dauden naturgune babestuek, klima-aldaketaren aurrean duten urrakortasun handian oinarritzen dira. Lehentasun horrekin, sei erakunde bazkideek, Nafarroako Urbasako eta Bertiz Jaurerriko parke naturalak, Pirinioetako Parke Nazionala eta itsasertzeko gune atlantikoak hautatu dituzte, hiru eskualdeetako ondare naturalaren eta kulturalaren adierazgarri diren, eta kudeaketa, gobernantza eta zerbitzuak egoera berrira egokitzea eskatzen duten gune babestu gisa.

Proiektuaren helburuen artean, NaturClimak naturguneak kudeatzeko eta gobernatzeko lankidetza areagotzea nabarmentzen du, klima-aldaketara egokitzea babesteko, sustatzeko eta hobetzeko, jardunbide onak identifikatuz, inplikaturiko guztien arteko ezagutza-transferentzia eta gobernantza parte-hartzailea bultzatuz, eta esperientzia pilotu berritzaileak garatuz, arazo berrira egokitzeari dagokionez erreferentziazko naturgune bilakatzeko.

Horretarako, hainbat ekintza tekniko aurreikusi dituzte, klima-aldaketara egokitzeko jarduera berritzaileak hiru gaitan multzokatuz: hegaztien migrazioa eta fenologia (klima-faktoreak eta hegaztien eta bertze izaki bizidun batzuen zikloak erlazionatuz), naturguneen kudeaketa eta gobernantza parte-hartzailea, eta ingurumen arloko hezkuntza, prestakuntza eta informazioa. Ekintza zehatzak mugaz gaindiko lankidetzarako espazio hori sortzetik, naturgune enblematikoetako ekipamenduak eta zerbitzuak egokitzera eta hobetzera doaz, ingurumen arloko prestakuntza, zabalkundea eta hezkuntza ahaztu gabe, funtsezko jarduera baita, eta gainerako guztietarako zeharkakoa.

Proiektuaren metodologia eta ezarpena eskualde horietako eta bertze lurralde batzuetako naturguneetara hedatu ahal izanen da.