Itsas paisaia agertoki gisa. NaturKlimako bosgarren gidaritza batzordea Biarritzen eta Hendaian egin da
Bilera joan den urtarrilaren 27an eta 28an egin zen. Ostegun arratsaldean, taldea Biarritzeko Itsas Gunean bildu zen. Gunea berrikitan ezarri da Euskaldunen Kostako Hondartzan. Biharamunean, bilera Hendaian egin zen, Abadia Gazteluan. Han, gune horretako guardetxean (Conservatiore du littoral izeneko erakundearen jabetza da), bilera goizean egin zen. Arratsaldean, berriz, itsaslabarretara egin zuten bisita, haien kontserbazioa eta kudeaketa ezagutzeko, bai eta itsas hegaztiak ikusteko ere. Hori Biarritzeko Itsas Guneari (CMB) esker egin zen, bilera antolatu baitzuten eta adituak dira itsas habitatetan.
Berriak
Proiektua jarduera betean dago, eta erakunde bazkideak koordinazioan ari dira ezagutzak, esperientziak eta emaitzak elkarri emateko.
Fenologiari dagokionez, GAN-NIKek bukatutzat jo du hegazti migratzaileak Lindusen ikusteko bigarren eta azken kanpaina, proiektuaren baitan egindakoa. CMBk, bestalde, itsas faunari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak egiten jarraitu du Acclima Terra eta gisako ekitaldietan.
Horri loturik, CMBk, halaber, lan handia egin du ingurumeneko hezkuntza eta sentsibilizazioaren arloan. Adibidez, haur tailerrak egin ditu, hondakinek itsasoan sortzen dituzten eragin kaltegarriak ikasleen artean ezagutzera emateko, edota mahai-joko berria sortu du, hiru hizkuntzatan, bere osoan gai jasangarriak erabiliz egina. Pirinioetako Parke Nazionala (PNP) eta CPIE (Association Bigourdane Environnement Naturelabéisée – Bigorre-Pyrénées) erakundeek 20 tailer baino gehiago egin dituzte landa eskoletan, eta halaber, ingurumen hezkuntzaren arloko gazte profesionalendako ikas-bidaiak.
PNPk gobernantza parte-hartzailea landu du hamaika jardueraren bidez, guztiak ere Cartes Blanches ekimenaren baitan. Emaitzak datozen hilabeteotan egonen dira prest eta balio handiko informazio etnografikoa emanen digute, tokiko jendeari egindako ahozko elkarrizketen bidez, paisaian izaniko aldaketen inguruan. Proiektuaren erreferentziazko beste naturgunean, hots, Urbasa-Andia Parkean, Nasuvinsa-Lursarea hasia da gobernantza-eredu eredugarri batzuk biltzen eta Urbasa-Andian berezkoa duten eta indarrean dagoen eredua aztertzen. Lanen artean, boluntariotza lanak antolatu eta eskainiko dira Parkean, eta inguruko bizilagunak sentsibilizatzeko jardunaldi bat, lurralde horren balioa nabarmentze aldera.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hilabeteak daramatza lanean Bertiz eta Urbasa-Andia Parkeetako azpiegiturak hobetzen. Besteak beste, Zabala Etxeko Gazte Aterpetxeko sukaldea eta bainugelak egokitu dira, desgaitasuna duten pertsonei egokitzeko eta indarrean den araudira moldatzeko. Halaber, gasolio galdararen ordez biomasa-galdara bat paratuko da (proiektua eta obra). Urbasa-Andian, ikazkinen etxola zaharberritu da, eta Lizarragako Gainean, aparkaleku bat eta informazio gune bat eginen dira bisitaria behar bezala hartzeko. Era berean, Urederraren Natur Erreserban, hainbat azpiegitura egin dira, erabilera publikoa eta kontserbazioa bateragarri egiteko.