Bertizko Jaurerrian Ate Zabaleko Eguna egin zen

2021/09/20 | Albisteak

Bertizko Jaurerriko Parke Naturala NaturClima POCTEFA proiektuaren naturgune pilotuetako bat da eta, joan den irailaren 18an, Ate Zabaleko Eguna egin zuen. Goizeko 11k arte euria egin bazuen ere, jarduerak aurreikusitakoarekin bat burutu ziren, artisautza azoka izan ezik, Turismo Bulegoaren eremura aldatu baitzen, postuak goiz osoan babestuago egoteko. Horrela, 10:30etik 14:00etara, “Argitsu” elkarteko artisauek tokiko eskulangintzak egindako produktuak saldu zizkieten bisitariei.

Harrera oneneko jardueren artean bisita gidatuak aipatu behar dira, bai lorategi historikora, bai jauregira. 40 lagunek parte hartu zuten, helduen eta haurren artean. “Anderea” izenburuko dokumentala ere eman zen, euskal mitologiaren numenari buruzko lan onirikoa, hain zuzen. Goizean euskaraz eman zen, eta arratsaldean, gaztelaniaz. Ondoko mahai inguruan, filmeko zuzendariak, ekoizpen taldeko kideek eta publikoak parte hartu zuten. Bukatzeko, Gaztelu Taldea aritu zen, hau da, Amaiurko ahots taldea, parkeko kaperan.

Eguraldi txarrak eraginik aurreko aldietan baino jende gutxiago bildu bazen ere, 310 lagunek Lorategi Historiko-Artistikoa bisitatu zuten, eta, Parkean, guztira, 482 bisita izan ziren. Nabarmendu behar da handitu egin zela Lorategian sartu ziren bisitarien ohiko ehunekoa, jarduera-eskaintza zabala izan zelako eta sarrera doakoa zelako.